Plazara aterako gara berriro ere euskaltzaleak

Arabako Alea aldizkariaren argazkia
Arabako Alea aldizkariaren argazkia

Beste urte batez jarri dugu martxan Euskarak 365 egun ekimena, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan. Herriz herri euskaltzaleen elkarteek eta herriko euskalgintzako eragileek antolatutako ekitaldiak izango dira ekimenaren ardatza eta horrekin batera, kanpaina jarri da martxan Euskal Herriko eskualde ezberdinetan.
Aurtengo ekimenaren leloa ErabiZi da. Euskaraz bizitzeko hautua egiteko deia egin nahi da kanpainaren bidez eta horretarako, bakoitzak bere errealitatetik eta egoeratik asko egin dezakeela azpimarratu nahi dugu. Egunerokoan hartzen diren erabaki eta hautuetatik euskara erabiltzeko eta euskaraz bizitzeko espazioak sortzearen alde egin nahi dugu horrela.
Ekimenaren bidez euskaltzaleen mugimenduak urte osoan egiten duen lanaren aldarrikapena egin nahi dugu, eta baita egunero egunero euskaraz aritzeko guneak eta aukerak sortzen diharduten euskaltzaleei aitorpena egin. Izan ere, ondo baino hobeto dakigu, oraindik egiteko asko dagoen arren, hizkuntza komunitate modura gauden lekura heldu baldin bagara, euskaltzaleon lanari esker izan dela batez ere. Eta ondo baino hobeto dakigu, era berean, euskaltzale antolatuen mugimenduak herriz herri euskararen herria antolatzen, sortzen eta birsortzen jarraitzen duelako eta jarraituko duelako hizkuntza komunitate honek etorkizun oparoa duela.
Ekimenaren baitan Euskal Herriko hainbat herritan hurrengo egunetan egingo diren ekitaldietan mezu bateratu bat irakurriko da, erabili, bizi, erabizi izenburua duen mezua.
“Euskarak 365 egun” ekimenera Tokikom toki komunikabideen bateragunea ere gehitu da eta abenduaren 3an hainbat toki aldizkarik ale berezia argitaratuko dute.

Euskaltzaleok plazara irten eta kalea hartzera deitzen ditugu berriro ere, urte osoan har dezagun kalea euskara eta euskaraz erabiziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude