Pauso bat aurrera

Pausoa; mugimendua sortzen duena.

Auzoko herritarrek euskaraz bizitzea erabaki dute, lehen, bigarren eta azken hitza euskaraz eginez. Astebetez euskarari eusten hasteak, urtetarako arrastoa utziko du. Mugimendua sortzen da, ehunka herritarren erabaki eta ekintzek milaka lagunen hizkuntza ohituretan eragina dutenean.

 

Urratsa; bakoitzak dagoen lekutik ematen duena; norberarena, propioa.

Marisol eta Enriquek euskaltegian izena eman dute, euskara ikasten hasi dira.

Anak bere bilobarekin hitz egiteko euskara ulertu behar duela erabaki du.

Michelle eta Nerea mintzalagun taldean herriko euskaldunen sarea zabaltzen ari dira.

Lutxok hilabetez euskara hutsean bizitzea erabaki du.

 

Pausoa; kontzienteki egiten dena, norabide batean egiten dena.

Elkarte gastronomikoko batzarrak euskaraz egiten dira orain.

Udalak euskara lan hizkuntza eta herritarrekiko lehentasunezko komunikazio hizkuntza izango dela erabaki du.

 

Urratsa; taldean edo bakarka egin daitekeen ibilaldi baten hasiera.

Auzoko harategian euskaraz irakurri daitezke errotuluak eta produktuen izenak, euskaraz egin ahal izango dira erosketak, harakina ulermena lantzen ari da.

Herriko kirol taldeek euskaraz egingo dituzte entrenamenduak; prestatzaileak euskarazko saioak zuzentzeko gertu daude.

 

Pausoa; handia edo txikia, baina sendoa, atzera bueltarik ez duena

Kevinek lagun euskaldun guztiei esan die berari euskaraz hitz egiteko, ulertzeko gai dela eta entzunez gehiago ikasi nahi duela.

Gaizkak prentsaurreko guztiak hasten ditu euskaraz.

Lorea herriko euskaltzaleen elkartera hurbildu da, euskaraz bizitzeko duen ideia bat martxan jartzera.

 

 

Pauso bat aurrera emateko garaia da; zuk, nik, hark, haiek, guk euskaraz bizitzeko urratsak ematekoa.

 

Pauso bat, bi, hiru,… milaka urrats emateko ordua da; euskaraz bizi nahi dugunok, euskaraz jakin ez arren gizarte euskaldunago bat desio dutenek, agintariek, herriko elkarteek, ikasle, enpresari, sindikalista eta langileek; bakoitzak bere lekutik, euskararen herria edukiz betez ekarpena egiteko ordua.

 

Euskarak 365 egun ditu, euskaldunok urte osoa pauso berriak emateko.

 

Pauso bat aurrera [pdf]