[Getxo] 365 egunez Erabizitzera deitu zuten Getxon

Hiruka.eus-etik ekarritako testua eta argazkia (Hiruka.eus, cc-by-sa)

getxo_ekitaldiaAtzo, getxoztar asko batu ziren San Nikolas plazan euskararen alde. Azebarri kultur elkartean triki-kantu askaria egin ostean, dantzan egin zuten Aixerrota institutuko ikasleek prestatutako flashmob-agaz, udal musika bandaren doinuei jarraituz. Ostean Euskarak 365 Egun ekitaldia prestatu zuten Bizarra Lepoan eta EGIZU elkarteek. 1.000 kandelatxogaz eta hurbildutakoen beroagaz isiotu zuten “Euskarak 365 Egun” goiburua. Eta Euskararen Egunean, hamaika euskaldunei helarazitako mezua, hauxe:

Erabili , bizi, erabizi

“Euskararen nazioarteko egunean, euskarak 365 egun dituela esatera gatoz aurten ere. Horregatik diogu: euskara erabili eta euskaraz bizi; erabizi”.

Erabizitzea da hitz egin, berba egin, solastu, mintzatzea etxetik plazara eta plazatik etxera eraman eta ekartzea sentitzen dudana eta sentitzen dudan moduan esatea.

Erabizitzea da sentitu, pentsatu, ekitea; batez ere, egitea eta maite zaitut, gorroto haut, tximeleta, astazakil, kikara edo maleruski esatea xedapen gehigarri bat idatzi eta emendakina aurkeztea, alkateari euskaraz hitz egitea, eta alkateak guri euskaraz mintzatzea.

Erabizitzea da iratzargailuko irratian “egun on, goizeko zazpiak dira” entzutea, bonjour, buenos días, Diam nga fanan, good morning, bos días, bon día, Allin p’unchay,… bati “egun on zuri ere” erantzutea, “nire bilobarekin hitz egiteko praktikatzen ari naiz” azaltzea nahi izan, izan, ekitea.

Erabizitzea da elkartzea, batzea, biltzea, topatzea eta batera ekitea mintzalagun, berbalagun, solaslagun, mintzakide, solaskide, bidelagun edo bidelari izatea. “Arratsalde on, kafesne bat nahi nuke” eskatzea, eta dutxan “loretxoa” edo “hil da jainkoa” abestea.

Erabizitzea da “ikasten ari naiz, hitz egin poliki, mesedez” esatea, akatsekin (akatzekin edo akatxekin edo falloekin) bada ere, aritzea egitea, eragitea, ahalegintzea, saiatzea; lotsarik gabe, beldur barik, konplexurik gabe ausartzea eta saiatzen denari “lasai, ondo ari zara”, “animo, bai, ulertzen da”, “zorionak, asko aurreratu duzu” esatea.

Erabizitzea da herriko toki-aldizkaria irakurtzea, agerkari digitalean idaztea, twiterren txio batean #hitzmoloia aukeratzea, wikipedian artikulu bat idaztea eta .eus domeinua erabiltzea.

Erabizitzea da plazara irten eta kalea gure egitea herriko euskaltzaleekin batera antolatu eta herri euskalduna eraikitzea.

Erabizitzea da aldarrikatzea, sentsibilizatzea, eraikitzea, gozatzea, jolastea, motibatzea, kexatzea, txalotzea, arduraz jokatzea, adostea,…

Erabizitzea da 365 egunetan -dun, -zale, -gile izatea; euskaldun, euskaltzale, eragile izatea.

2015eko abenduaren 3an

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude