Euskaltzaleon auzotik

Gertutik, hurbiletik bizi ditugun esperientzia eta harremanek arrastoa uzten digute, harremanak globalak diren garaiotan oraindik ere gertutasunetik eragiteak badu indarra. Helburu handiak gertuko ekimen eta proposamenekin ere lantzen dira eta hortaz aspaldi konturatu ginen herriz herri biltzen garen eragileak. Euskaltzaleok antolatuta gertutik gauzatu izan dugu euskaraz bizitzeko hautua beti, guneak sortuz, espazioak eraikiz, harreman sareak ehunduz.

Manifestua. Aitor EtxartekEuskaldunok gaur, gure herrian, hautua egin beharra dugu euskaraz bizi ahal izateko, eta hizkuntzaren normalizazio prozesuak luzeak direnez, luzaro elikatu behar izango dugu izateko gogoa . Euskaltzaleok gainera, euskaraz bizi eta aritzeko hautua egiteaz gain, jakin dugu hautu hori konpromisora eta ekimenera ere eramaten. Hargatik antolatu gara, hargatik sortu ditugu ikastetxeak eta hedabideak, euskaltegiak eta kulturguneak, aisialdi eta mintza-taldeak. Erantzukizunez eta konpromisoz jokatzen jakin dugu, ikasi dugulako, aspaldi dakigulako, ez dugula inoren zain egon behar euskaraz bizitzeko aukerak sortzeko.

Ez gara zain egongo, baina bakoitzari bere ardura eskatuko diogu, gizartearen ekinak lege eta erakunde babesa ere behar duelako, nahi dugulako eta justiziazkoa delako. Euskaldunok, euskaltzaleok, ez diogu gure erantzukizunari muzin egingo, baina era berean, erabakiguneetan ari direnei ere ardura eskatzen diegu, herri honetan euskaraz bizitzea normalagoa izan dadin, denon aldetik eman behar baitira urratsak. Bakoitzak bere lekutik, bere arduratik, bere erantzukizunetik,… baina guztiok norabide berean eta ikuspegi estrategikoarekin. Hiztun komunitateak arnasguneak behar ditu, epe laburreko interes eta taktiketatik, alderdikerietatik urrun dauden espazio libreak behar ditu; horren alde ere jarraituko dugu lanean.

Aste hontan izan da Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduaren 3a, beste urte batez euskaldunok ospatzekorik ote dugun galdetzen dugun eguna. Eta guk baietz diogu, badugula zer ospatua, euskaraz bizi nahi dugun herria garela eta bagarela ospatu nahi dugula. Baditugula urtero ospatzeko mila motibo; euskarazko toki hedabide berriak ditugula eta gero eta jende gehiagorengana heltzen ari dela euskarazko informazioa; abenduaren 3tik aurrera euskaldunon komunitateak sarean tresna berri eta indartsua duela agertzeko .eus-i esker; egunero, han hemenka, jende askok egiten duela euskaldun bizitzeko urrats praktikoak emateko hautua.

Euskaraz biziko diren etxeak, kaleak, auzoak eta herriak nahi ditugu eta horregatik atera gara aurten ere plazara, ospatzera, bai, baina baita aldarrikatzera ere. Euskaltzaleon auzotik, auzolanetik eta ekimenetik, euskararen herria eraikitzen jarraituko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude