Euskaltzaleen auzotik euskararen herrira

Auzotik herrira, euskaltzaleen auzolanetik herri euskaldunera.

365egun_2014_kartelaA3_01_421x300Euskaraz bizi nahi duen herriak iraunarazi du euskara. Euskaltzaleen ahaleginik gabe, nekez izango luke hizkuntzak gaur duen lekua gure gizartean eta nekez iraungo luke bizi eta indarrez inguruko hizkuntzen artean.

Euskaltzaleen ahalegina eta ekarpenari esker dugu gaur euskaldunon hiztun komunitate bizi eta zabala. Sortu ditugunengatik, bizi eta eragin dugunarengatik gara gaur, komunitatea, euskararen herria egunetik egunera sortzen eta birsortzen duen jendea. Badakigu herrietan antolatzen; asmatu dugu euskaraz ikasteko eskolak eta euskaltegiak sortzen; kultur sorkuntza, eskaintza eta transmisioa euskaratik eta euskaraz egiten dihardugu; aisialdia euskaraz gozagarri egiteko egitasmoak hedatu ditugu; administrazio eta enpresetan euskaraz aritzeko eragile gara; interneten ere .eus komunitatea sortzen ari gara; euskaraz bizitzeko espazioak sortzen eta elikatzen ditugu. Hori da gure ekarpena, euskaltzaleon ekarpena, urtean 365 egunetan.

Aurten ere abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko eguna ospatuko dugu. Eta aurten ere, euskarak 365 egun dituela gogoratu, aldarrikatu, plazaratu eta ospatuko dugu.

Urtean 365 egunetan euskaraz bizitzeko gonbitea luzatu nahi dizugu, gurekin batera, auzotik herrira euskaltzale eta euskaldun agertzeko gonbitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude