[Aiaraldea] Aiaraldea euskaldun! Konpromisoa eta maitasuna

aiaraldea_kartelaAiaraldea.eus gunetik hartutako testua

2016ko abenduaren 3a berezia izango da aurten. Ez da ohiko Euskararen Egun bat gehiago izango. Ziurrenik lehen aldiz, Aiaraldea osatzen duten 9 udalerrietako herritar eta elkarteek elkarlanean antolatuko dute aurtengo euskararen eguna. Kanpaina bateratua izango da, bai eta ekimen bateratua ere, abenduaren 3a larunbata izanik, eskualde guztiko herritar eta entitateek Amurrion egingo baitute ekitaldi berezi bat; euskararen aldeko konpromisoak hartu eta jendaurrean adierazteko ekitaldia hain zuzen ere.ç

“Aiaraldea euskaldun! Konpromisoak eta maitasuna”

Otsailean eratu zen eta normalizazioan elkarlanean aritzeko helburua duen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua izan da euskararen egunerako dinamika honen sustatzailea. Kontseiluan eskualdeko 40 entitate baino gehiagok parte hartzen dute; izan hauek kirol elkarteak, ikastetxeak, kultur esparrukoak… Kontseiluak gainera eskualdeko 9 udalekin (Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara, Artziniega, Urduña, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko udalekin) eta Aiarako Koadrilarekin ere elkarlan hitzarmena sinatu zuen udaberrian, Aiaraldean euskararen alde denok elkarlanean aritu eta gure ahaleginak eraginkortzeko helburu argiarekin. Norabide horretan proposatu du Kontseiluak euskararen egunerako dinamika hau ere.

Aurtengo euskararen eguna eskualdean elkarrekin aldarrikatzeko proposamena from aiaraldea komunikazio leihoa on Vimeo.

Konpromisoak hartu

Euskararen nazioarteko egun honetan Kontseiluak dei zehatz eta argi bat luzatzen die eskualdeko herritar eta entitate guztiei: euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzea. Konpromisoak hartzeko deia luzatzen du hain zuzen ere Kontseiluak.

Euskarak ez ditu hitz ederrak behar, euskarak konpromisoak behar ditu, espazioak irabazteko, kale-erabilera handitzeko…

Denok har ditzakegu konpromisoak, izan hauek handiak, txikiak, ertainak, tenporalak zein betirakoak… izan gu euskaldunak, erdaldunak, edo eta euskara apur bat ulertzen dutenak, euskaraz jakin ez arren ere, euskararekiko konpromiso asko har baitaitezke.

Herritar xumeen konpromisoekin batera, pertsona ezagun edo erreferentzialenak ere erdiestea izango da kanpainaren helburuetako bat, bai eta elkarte eta bestelako entitateena ere. Konpromiso uholde txiki bat osatzeko.

Askotan zer egin dezakegun ez jakitea arazo izan daitekeela badakigu Kontseiluan, eta horregatik “Konpromisoen ideiategi” bat ere prestatu dugu, nork bere neurriko eta gustuko konpromisoak hautatu ditzan, edo berriak besteokin konpartitu ditzan. Hemen dago ikusgai denon eskura jarri dugun ideiategia.

Hartzen diren konpromisoak modu azkar batean jasotzeko web-formulario erraz bat ere jarri du sarean Kontseiluak. Hemen dago ikusgai.

Abenduak 3an herri guztietatik martxak Amurriora, euritako koloretsuekin

Herritar eta entitate ugarirekin harremanetan jarriko da Kontseilua nork bere konpromisoa har dezan eskatzeko, baina konpromisoa hartzea bezain garrantzitsua izango da konpromiso hauek jendaurrean adieraztea.

Abenduaren 3an eskualdeko herri guztietatik martxak antolatuko dira Amurrion egingo den ekitaldira joateko; larunbat goiz horretan Amurriora oinez, bizikletan, patinean, korrika, autoan zein trenean joateko dei egin du Kontseiluak. Herri bakoitzak bere joateko modua antolatuko du baina guztiek izango dute ezaugarri komun bat: ahalik eta euritako koloretsuena eta biziena eramatea irekita, euria egin edo ez. Horrela euritako eta konpromiso zutabe ezberdinek Amurrion bat egingo dute abenduaren 3an.

Eta Amurrion zer? Gure konpromisoak adieraziko ditugu plazan egingo den jai giroko-ekitaldian,  eta nola ez, dantzan ere jarriko gara.

“Euskararen haize-errota” kanta eta dantza

Kontseiluaren enkarguz, kanpaina honetarako kanta bat sortu dute eskualdeko hainbat musikarik Igon Olaguenaga amurrioarraren gidaritzapean. Bertan parte hartu dute ondorengo musikariek:

*Egilea: Igon Olaguenaga
*Hitzak: Izar Mendiguren

Musikari gonbidatuak:
*Egoitz Uriarte
*Chiki Lora
*Jurgi Ibarretxe
*Xabi Basterra
*Sabin Guaresti
*Olatz Gartzia
*Irati Mendiguren
*Garazi Abrisketa
*Igor Arzuaga

Kantaren hitzak Izar Mendiguren bertsolariak prestatu ditu. Kantarekin batera, dantza  ere prestatu du Ainhize Solaun dantzari amurrioarrak, adin guztietarako jendeak erraz ikasteko koreografia hain zuzen ere.

Abenduaren 3an noski, kanta entzun, abestu eta dantzatu egingo dugu Amurrioko plazan elkartzen garen guztiok, flashmob erraldoia osatuz euskararekiko gure konpromisoak eta maitasuna adierazteko.

Entzun abestia osorik hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude